Txistulari Bandaren sorrera

La Constitución de la Banda de Txistularis

Txistulari Bandaren sorrera

Txistulari Bandaren sorrera II. Errepublikaren garaian dugu. Zehazkiago, 1934ko abenduaren 22an, Luis Dorao Merinok, Arabako Aldundiko presidenteak, erakunde horretako Batzorde Kudeatzaileari mozio bat proposatu zionean, hain zuzen Miñoien Kidegoari atxikiriko txistularien banda bat sortzeari buruzkoa. Mozioa berehala onetsi zen.

Deialdia, oinarriak eta baldintzak inprimatuta agertu ziren 1935eko urtarrilaren 5eko Arabako Lurraldeko Aldizkari Ofizialean, eta urtarrilaren 7an eman ziren argitara.

Oposizioan parte hartzeko, lau kideko banda osoa izatea, Arabako euskal herritarra eta eskubide zibil guztien jabe izatea eta jokabide ona egiaztatzea exijitzen zen, besteak beste.  Hautagaiek, bestalde, urte bereko urtarrilaren 25ean Jauregi-etxean egon behar zuten, gaitasun azterketa egiteko. Horretarako, aukera askeko pieza bat jo behar zen, beste bat lehen ikusian jotzea eskatzen zen, eta prestatu ahal izateko hiru minutu zeuden. Eta epaimahaiak eskatuz gero, banako ariketa bat. Eskaerak urtarrilaren 20a baino lehen aurkeztu behar ziren. Eta onartutakoek Miñoien Kidegoa eraentzen zuen Arautegiaren beharrezko betebeharrak izango zituzten.

Urtarrilaren 16an, eskaera egin zion Arabako Aldundiko Batzorde Kudeatzaileko presidenteari Jesus García Montoyak, gasteiztarra eta Cuchileria kaleko 30-3.ean bizi zenak, oposizioan parte hartzeko eskatuz. Hala egin zuen bere izenean eta Gasteizko Iparraldeko Kirol Taldeko Bandako kideen izenean. Manuel Emilio Yus Zazo, Antonio Acasso Martinez de la Pera eta Jose Ibaibarriaga.

Txistulari batek aurkezturiko bigarren eskaera bat ere baztertu egin zen deialdiko oinarriak ez zituelako betetzen, hots, banda bat osatuta barik bakarka aurkeztu izanagatik.

Azterketak hasieran urtarrilaren 25erako ziren, baina otsailaren 7ra atzeratu ziren, Aldundiko Batzorde Kudeatzaileko presidentea ondoezik zegoelako.

Hauexek izan ziren epaimahaiko kideak: Luis Dorao eta Alfonso García, Batzordeko kideak; Gasteizko Udal Bandako txistulari zuzendaria, Primitivo Onraita; Miñoien behin-behineko burua, idazkaria eta tenientea, Franciso Arcos eta Jose Lejarreta Salterain sendagilea.

Bi egun geroago, otsailaren 9an, ofizialki izendatu ziren Aldundiko Txistulari Bandako kideak azterketan parte hartu zuten bakarrak. Gasteizko Iparraldeko Kirol Taldeko txistulariak ziren; talde horrek, 1929tik ibilbide luzea eta esperientzia berezia izan ondoren, Francisco Añuaren zuzendaritzapean, txistuaren artea menperatzen zuten nagusiak ziren, bakarrak ez esatearren. Francisco Añua, zuzendaria, beste ibilbide batzuk bilatu nahian zebilen txistu eta danbolinaren beste zale batzuen moduan, horiek ere Kirol Taldeko kideak gehienak, baina beste lanbide batzuetan aritzen ziren. Oposizioan parte hartzea eskuordetu zien Jesus Garcíari eta Manuel Emilio Yusi.

Oposizioan, Aldundiko Txistularien Lehen Bandakoak izango zirenek –Jesus García, Manuel Emilio Yus, Antonio Acasso eta Jose Ibaibarriaga-, aukera askeko lan gisa Monzoen “Minué” jo zuten, baita epaimahaiak exijituriko “Kontrapas” ere, Luis Arambururena.

Egun gutxi batzuk geroago, 1935eko otsailaren 15ean, gure lehen banda eratuta zegoen, eta ekitaldi ofiziala Florida Parkean izan zen, Domingo Martínez de Aragón azken diputatu nagusiaren oroimenerako eta omenaldirako plaka jartzeko ekitaldiarekin batera.

MUGARRI GARRANTZITSUENEN LABURPENA

1934ko abenduaren 22

Sorrera proposamena.

1935eko urtarrilaren 5

Arabako Probintziako Aldizkari Ofizialean argiratatzea banda sortzeko deialdiaren oinarriak eta baldintzak.

1935eko otsailaren 9

Txistularien Bandako kideen izendapen ofiziala.

1935eko otsailaren 15

Lehen emanaldia Floridako parkean, Gasteizen.